Blog

Zein kontziliazio-neurri inplementa dezaket nire enpresan?

kontziliazioa

Galdera hori geure guruari botatzen diogunean, erakundeetan bi modutara jokatzen dugu: lehenik ordutegiak malgutzeko joera dugu, eta jarraian, kontziliaziorako 10 neurri puntakoenak zeintzuk diren bilatzen dugu Googlen.

Bi aukera horiek ez dira txarrak. Ordutegiak malgutzea kontziliaziorako neurri garrantzitsua da, eta pertsonen aldetik oso balorazio ona jasotzen duena, euren behar pertsonalak, familiarrak eta lanekoak uztartzeko denboraren kudeaketa egin ahal izaten baitute hein batean. Bestalde, benchmarking egitearekin ezagutza eta informazio dezente eskuratzen dugu.

Baina bi kasuetan jatorria zein den jakitea falta zaigu. Bizitza pertsonalaren eta lanaren arteko oreka bilatzeko beharretik sortzen da kontziliazioa, hau da, aipatu bi “munduek” eragiten dizkiguten beharrak asetzeko nahia da.

Zein da neurririk egokiena? Zure beharra asetzen duen huraxe.

Zeintzuk dira enpresa batek dituen kontziliazio-beharrak? Bada enpresa osatzen duten pertsonek dituzten kontziliazio-beharrak dira.

Hortaz, kontziliazio-neurriak, soluzioak, zehaztu aurretik, beharrak zeintzuk diren mugatu beharko dugu. 5 urratsetan ezagutu ahal izango duzu zure enpresako kontziliazio-behar egokienak zeintzuk diren.

LEHENA: nire enpresa osatzen duten pertsonek gaur egun dituzten beharrak ezagutu. Galdetu, parte-hartzea sustatu, euren kontziliazio-behar errealak aurrez aurre ezagutu ahal izateko.

BIGARRENA: Enpresaren beharrak ezagutu. Enpresaren jarduerak eta bezeroei erantzuterakoan balioa eskaintzeak kontuan hartu beharreko hainbat alderdi zehazten ditu.

HIRUGARRENA: Pertsonen beharretara egokitzen diren kontziliazio-neurriak bilatu. Urrats honetan oso erabilgarriak izan daitezke bestelako enpresek zehaztu dituzten neurrien erreferentziak izatea.

LAUGARRENA: Zehaztu den neurri bakoitzak enpresaren jardueran izango duen eraginari buruzko hausnarketa egin, eta beharrezko ikusiz gero, martxan jar daitezkeen ekintza gehigarriak zehaztu.

BOSGARRENA: Pertsonentzat eta erakundearentzat irabazi-irabazi eragina duten neurriak aukeratu.

Prozesu honetatik ondorioztatu diren kontziliazio-neurriak dira gaur egun zure enpresan inplementa ditzakezunak. Eta gaur egun aplikatzekoak direla diogu, erakunde bakoitza sistema dinamikoa izanik, denboran zehar gainbegiratu eta egokitu beharko direlako.

Itzuli