Blog

Loreka Haur Eskolari buruz jakin beharrekoak

Ikastaroa

Zer da Loreka Haur Eskola?

Ez gara haurtzaindegi bat, Eusko Jaurlaritzak baimendutako eta diruz lagundutako kalitatezko haurreskola baizik. Eskola irekia, atsegina eta malgua gara, familiekin lotura eraginkorrak sortzen ditugu eta arreta pribilegiatua ematen diegu haur bakoitzaren alderdi afektibo eta emozionalei. Guretzat, kalitateak zera esan nahi du, zaintza arduratsua, sentikorra, estimulatzailea eta atsegina ematea haur eta familia bakoitzari.

Zer aurkituko duzu Loreka Haur Eskolan?

Loreka Haur Eskolan haurrentzako kalitatezko hezkuntza sistema aurkituko duzu, pedagogia aktiboetan eta, bereziki, Reggio Emilia ereduan oinarritzen den metodologiarekin, 0-3 urteko haurrek beren potentzial guztia garatu dezaten alderdi afektibo-emozionalari bereziki erreparatuta, eta familiak protagonista izanik seme-alaben ikaskuntza prozesu guztietan.

Zerk bereizten gaitu?

Gure metodologiaren gakoetako bat da araudian eskatzen den hezitzaile kopurua bikoiztea, haur bakoitzaren beharrei berehala eta enpatiaz erantzun ahal izateko; instalazio zabalak ditugu, eta hezkuntzaren garapenerako jarduerak egiteko egokitutako eta prestatutako 8 gela. Haur bakoitzari bere bizitzako hizkuntzarik garrantzitsuena irakasten diogu: emozioen hizkuntza.

Zertan datza gure hezkuntza metodologia?

Reggio Emilia hezkuntza ereduari jarraikiz, Loreka Haur Eskolan askotariko materialak eskaintzen dizkiegu haurrei manipulatzeko, esperimentatzeko eta elkarreragiteko; hartara, sormena indartzeaz gain, norberaren aurkikuntzetan oinarritutako ikaskuntza ere bultzatzen da. Haurrarengan uste osoa dugu, bere ikaskuntzaren protagonista izan dadin, eta haur bakoitzari jarraipen indibidualizatua egiten diogu; gainera, beste profesional batzuekin elkarlanean jarduten dugu prebentzioaren eta detekzio goiztiarraren arloetan.

Nolakoa da gure lantaldea?

Gure lantaldea da Loreka Haur Eskolaren benetako motorra; hezkuntza jardunean hain beharrezkoa den goxotasuneko eta segurtasuneko giroa sortzen berariaz prestatutako lantaldea da, eta hainbat tresna erabiltzen dituzte, hala nola arreta sentikorra eta atsegina ematea, haur bakoitzaren nortasuna errespetatuta.

Zer eginkizun betetzen dute familiek Loreka Haur Eskolan?

Gure eskolako ateak zabalik izaten ditugu eskolako kide diren familiekin harremanetan egoteko guneak sortzearren: hitzaldiak, prestakuntza saioak, tailerrak, bilera formalak eta informalak… betiere seme-alaben heziketari jarraipena bertatik bertara egiteko eta prozesu horretan parte hartu ahal izateko.

Nolakoa da egokitzapen prozesua Loreka Haur Eskolan?

Gure metodologian, oso garrantzitsua da haur bakoitzaren egokitzapen prozesuari erreparatzea; guk “lotura afektiboa sortzea” esaten diogu prozesu horri. Lotura hori sortzeko denbora haur bakoitzaren eta familia bakoitzaren araberakoa izaten da, eta elkarrekin egiten dugun plangintza malgua izaten da beti. Pixkanaka ohitzen dira, bakoitzaren erritmoa errespetatuta; horrela, haurraren eta andereñoaren arteko lotura sortzen da, errutinaz aldatzean haurrak beldurrik edo estutasunik senti ez dezan.

Noiz da matrikulatzeko epea?

Ikasturte osoan izaten dugu zabalik matrikulazio epea; urteko edozein hilabetetan has daiteke, tokirik baldin badago. Matrikulan ez da urte osoa ordaintzen; aldiz, haurra eskolatzen denean ordainketa bat egiten da, eta gero hileko kuota ordaintzen da, kontratatutako hilabete kopuruaren arabera.

Plaza gordetzeko aukera

Plaza mugatuak ditugunez, Loreka Haur Eskolan plaza aurretiaz gordetzeko aukera eskaintzen dugu, ezer ordaindu behar izan gabe. Aukera ezin hobea da haurrarentzat tokia ziurtatu nahi duten familien kasuan, nahiz eta haurra berehala eskolatzeko asmorik ez izan. Aurre-erreserba egiteko eredu horri esker, gainera, taldeak hobeto planifikatu ditzakegu, eta gelak egokitu, umetxoak etortzen denean izango dituen beharrei erantzuteko.

Nola egiten da matrikula?

Loreka Haur Eskolan, lehenik, eskolara etorri eta bisitaldi bat egitea gomendatzen dugu, gure metodologia, instalazioak eta lantaldea ezagutu eta tarifei eta/edo ordaintzeko aukerei buruzko informazioa jaso ahal izateko. Gero, plaza erreserbatzen da, eta andereñoarekin bilera bat antolatzen dugu, lotura afektiboa sortzeko aldia prestatze aldera. Haurra eskolara etortzen hasi aurreko hilabetean formalizatzen da matrikula.

Zenbat denboraz izan behar da haurra matrikulatuta?

Kalitatezko hezkuntza prozesuen jakitun garen aldetik, Loreka Haur Eskolan gutxienez 5 edo 6 hilabete egotea gomendatzen dugu, lotura sortzeko aldia eta prestakuntzako aldi osoa ere hor sartuta. Prozesuaren etapa guztiak bizitzea oso garrantzitsua izaten da, garapena positiboa izan dadin eta etorkizuneko eskolatze prozesuak erraztearren.

Zein da Loreka Haur Eskolaren ordutegia?

Ikasturtea irailaren 1ean hasi eta abuztuaren 31n bukatzen da. Urte osoa zabalik dago eskola, Donostian jai diren egunetan, jaiegun orokorretan eta zubiren batean izan ezik. Eskola 07:30etik 17:30era egoten da irekita eta, gutxieneko taldea osatuz gero, 19:30ak arte ere egoten gara; beraz, familiek malgutasun handia dute laneko ordutegiaren arabera moldatzeko.

Loreka familia izatearen abantailak

  • Deskontuak Loreka Hezkuntzaren tailer eta prestakuntza saioetan.
  • % 50eko deskontua matrikulan eta abantailak Loreka Etxe Zerbitzuetako familientzat.
  • % 20ko deskontua matrikulan eta eskolaz kanpoko jardueretarako 10 €uroko bonua Santo Tomas Lizeoa txartelarekin.
  • % 50eko deskontua matrikulan Diario Vascoko langileentzat.
Ba al zatoz?
Idatz iezaguzu: emarono@loreka.com
Edo deitu telefono zenbaki honetara: 943 31 68 04
Gure helbidea: Portuetxe kalea 23-A, 1-5 LOKALA
Itzuli

Loreka.com-ek cookieak erabiltzen ditu nabigazio-esperientzia onena izan dezazun.
Nabigatzen jarraitzeak gure Cookie-politika onartzea dakar.